donostiakultura.com
Donostia Kultura
Hemen zaude » Hasiera  » Udal Liburutegia

Udal Liburutegia

HISTORIA

Udal-liburutegiDonostiako lehenengo Liburutegi Publikoa oso aspaldiko ekimen bat da: 1844an Sebastian de Miñanok bere liburu-bilduma eskaini zuen dohaintzan. Hala ere, Miñanok ez zuen bere proiektua burututa ikusi; izan ere, Liburutegia hogeita hamar urte geroago inauguratu zuten, 1874n, lehenengo zuzendaritzat Jose Lopez de Aizpuru zuela. Bere ondorengo Jose de Manterola y Beldarrainek bultzada handia eman zion Liburutegiari, berberak Seccion Especial Bascongada deitu zuena sortuz.

Geroago, El Urumea egunkariaren sortzaile Ricardo Baroja izendatu zuten Liburutegiko zuzendari. Bera hiltzean, berriz, Antonio Arzac Alberdik ordezkatu zuen. Arzac liburuzainak liburutegiko lehenengo katalogo inprimatua osatu zuen.

1910ean, Francisco Lopez Alen zuzendari zuela, Liburutegia Arte eta Ofizioen Ikastetxearen eraikinera lekualdatu zuten (Urdaneta kaleko egungo Postetxearen eraikina).

Praxedes Diego Altunaren zuzendaritzapean, 1931 arte liburutegia Fermin Lasala y Collado Mandasko Dukeak egindako dohaintzari esker aberastu zen; izan ere, berak 10.000 bat liburukiko liburutegia zuen, Gazette Nationale edo Le Moniteur Universel eta Revue des Deux Mondes aldizkariak barne.

Maria Cristina Aretoa

1932n, Rufino Mendiola zuzendari zuela, Liburutegia San Telmo komentu dominikanora lekualdatu zuten eta, azkenik, 1951n Konstituzio Plazako lehengo Udaletxera. Alderdi berritzaile bat Haur Liburutegia sortzea izan zen. Rufino Mendiola aritu zen Liburutegiaren zuzendari 1960 arte.

Liburutegia kontserbazio eta ikerketarako erabili zen 1986. urte arte; urte horretan, berriz, mailegu-zerbitzua inauguratu zuten. Hurrengo urtean, 1987n, Okendo eta Casares Kultur Etxeetako liburutegiak ireki zituzten.

1992n Susana Soto Aranzadik Donostia Kulturako Udal Liburutegien Sarearen oinarriak ezarri zituen, egun hiru eraikinetan kokatutako Liburutegi Nagusi bat daukan Sarea (Fermin Calbeton kaleko Haurren Liburutegia 1994tik; Udaletxearen Etxabeko Atal Nagusia, Alderdi Ederreko lorategietan 1999tik; Liburutegi Zerbitzuaren eta Unitate Tekniko Nagusiaren bulegoak dauzkan Konstituzio Plazako eraikina, eskuratze- zein katalogazio-prozesuak zentralizatzen dituena), baita hiriko auzoetan sakabanatutako beste hamabi liburutegi ere.

Konstituzio plazako eraikinean, gainera, Donostia Kulturaren bulegoak daude egun. Egiteke geratzen da artean LIburutegi Nagusia eraikin bakar batean bateratzea, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko.


HEMEROTEKA

"Blanco y Negro" aldizkariaren portada "San Sebastián" aldizkariaren portada

Rufino Mendiolak HEMEROTEKA bat sortzeko beharra sumatu zuen, Liburutegiak XIX. mende amaierako (gehienean tokiko) egunkari eta aldizkarien bilduma nabarmen bat gorde baitzuen.

Gerra karlistak amaituta, Euskal Herriko prentsa, eta batez ere Gipuzkoakoa, nabarmen hazi zen. Ordu arte, argitalpen gutxi izan ziren, eta iraupen laburrekoak.

1810 eta 1879 artean, 100 argitalpen erregistratu ziren eta, horietatik, 72 azken mende-laurdenean hasi ziren. Azken horien artean, batzuek luzaroago iraun zuten:

Bi egunkari dira aipatzekoak, urte horietan argitaratzen hasi eta 1936 arte iraun baitzuten: La Voz de Guipúzcoa (1885) eta La Constancia (1897).

Aldizkarien arloan, Euskal Herria da aipatzekoa: Jose Manterolak sortu eta 39 urtez argitaratu zuten.

XX. mendean, La Constancia, La Voz de Guipúzcoa eta El Correo de Guipúzcoaren ondoren, El Pueblo Vasco etorri zen (1903-1936); geroago, berriz, El País Vasco (1923-1930) eta El Día (1930-1936). Beraz, II. Errepublikan Gipuzkoak lau egunkari izan zituen: La Voz (errepublikarra), La Constancia (karlista-integrista), El Pueblo Vasco (monarkiaren aldekoa izatetik Estatutuaren alderantz jo zuen) eta El Día (autonomista). Laurek ere 1936ko uztailean argitaratzeari utzi zioten eta, ordainetan, Frente popular argitaratu zuten, tropa frankistak heldu arte.

Sindikatuen eta politikaren arloan, elkarte bakoitza bere argitalpenari eusten saiatu zen. Adibidez, Gipuzkoarra 1931n eta Kendu! 1933n, aldizkari abertzaleak izan ziren; Tradición vasca (1931-1932) eta El Fuerista (1932-1934), berriz, tradizionalistak; azkenik, Tierra Vasca (1933-1936) Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANVren) argitalpena izan zen. Sindikatuetara etorriaz, Euzkadi Roja (1933-1936), Guipúzcoa Obrera eta Euzko Langile (1935-1936) aldi berean argitaratu ziren. Aldizkari anarkistak ere izan genituen, hala nola, Sin Dios (1932) eta Crisol (1935-1936).

Kultura-aldizkarien artean nabarmentzekoak dira Julio de Urquijo, 1907n Revista Internacional de los Estudios Vascos (1907-1936) sortu zuena, eta Gregorio Mugica, Euskal Esnalea eta Euskalerriaren Alde sortu zituena, 1931n bera hil ondoren aldizkariok argitaratzeari utzi zitzaien arren.

Tokiko fondo hori eta Espainiako zein atzerriko aldizkarien eta egunkarien beste bilduma zabalago bat oinarritzat hartuz, HEMEROTEKA eratu zen. 1992. urtean, haren garrantzia dela eta, katalogo inprimatua argitaratu zen, orduko zuzendari Eulalia San Agustin Barracaren zuzendaritzapean Arantxa Arzamendik prestatua. Ordurako jada bagenituen 433 argitalpen itxi eta 133 ireki. Egun kopuruz handitzen jarraitzen du: liburutegi-sareko (AMICUSeko) DBKSIen katalogatutako 977 argitalpen ditugu guztira. Une honetan, era askotako argitalpenak dauzkagu: alde batetik, interes orokorrekoak eta dibulgaziokoak eta, bestetik, aldizkari espezializatuak. Horiei tokian tokiko argitalpenak gehitu behar dizkiegu.

XIX. mendeko Donostiako prentsa errazago kontsultatzeko, Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan, Egunez egun proiektua egin genuen: Liburutegian gordetako izenburuen edukiak deskriptoreen bidez hustu.

Alderdi garrantzitsu bat bildumen kontserbazioa da, batzuetan bakarrak baitira, eta etengabe ari dira ikertzaileak zein erabiltzaileak, oro har, horiek kontsultatzen. Beharrizan horri aurre egitearren, Hemeroteka digitala sortu dugu, ikertzaileei ez ezik, pertsona guztiei ere Donostiako ondare bibliografikoa Internet bidez hurbiltzeko asmoz.

Udal Liburutegi Nagusia - Alderdi Eder, 1 - 20004 Donostia - Tfno: 943 48 14 88 - Fax: 943 48 14 90
Irisgarritasuna | Web mapa | Lege oharra
DonostiaDonostia Kultura

Sorrera data: 2007/08/01  |  Eguneratze data: 2014/09/17